XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

9. Entzuketa:

A. VIVALDI: Magnificat SOL minorrean. RV 611. Gloria Patri.

Antonio Vivaldi, ilegorria diotenez, lanean aritzen omen zen etengabe eta horregatik konposatu zituen hainbat Magnificat.

Saio honetan entzungo duguna aurrekoaren desberdina da. Jende helduak (gizonezkoak eta emakumezkoak) osatutako abesbatz batek kantatzen du.

Esfortzu apur bat eginez lau ahotsak bereizi ahal izango ditugu. Hori lortzeko nahitaezkoa da irakaslearen laguntza. Hori bai, zati honetan dagoen tempo aldaketaz ohartzea oso gutxi kostako zaio ikasleari.

Entzuketa honetan lau ahotsek batera sortzen duten efektua ikusiko dugu. Alde handia dago aurreko entzuketarekin. Nolanahi ere, 19. saioan ahotsaren gaira itzuliko gara eta orduan banan-banan entzun ahal izango ditu ikasleak.

10. Musika jokoak:

10.1. Oihartzunak intentsitatea aldatzen du.

Helburua: intentsitate bat eta horren kontrakoa bereiztea.

Material ozena: gorputza.

Irakasleak erritmo eskemak egingo ditu, intentsitateen arabera gorputz perkusio desberdinak erabiliz (txaloa, izterrak, oina).

Ikasleak erritmo eskema errepikatuko du perkusio berarekin baina kontrako intentsitatearekin. Irakasleak forte jotzen badu, ikasleak piano egingo du eta alderantziz.

10.2. Kantaren hitza aldatzen dut:

Helburua: buruaren azkartasuna.

Material ozena: ikasitako kantak.

Joko honetan ikasitako kantaren bat abestuko dugu, baina hitzaren parte bat aldatuz.

Denok kantatzen ari garela, irakasleak keinu jakin bat duenean isildu egingo gara eta, baten batek egokien iruditzen zaion hitza esango du. Ondoren, esaldia kantatuko dugu berriro hitz berriarekin.

Hurrengo pausoa, egindako aldaketa guztiak gogoratzea izango da.

Azkenik, jatorrizko hitza kantatuko dugu.

11. Dantza: Nere senarra tontozko.

Kanta hau bosgarren saioan ikasi dugu.

Dantzatzeko biribilean jarriko dira, bata bestearen atzetik. Oinak beti zuriaren erritmoan mugituko dira.